Baztan bailara

Baztan harana iberiar penintsularen iparraldean dago, Nafarroako ipar-ekialdean. Bere 376,81 km2-ekin erkidegoko udalerri zabalena da eta gaurko egunean 8.000 bat lagun bizi dira ibar honetan. Baztan, pirineo bajuetako haran tipikoa dela erran daiteke: altuera ertaineko mendiak, paisai berde eta hezea, haritzak eta bagoak dira nagusi.

Baztanek 15 herri ditu (Amaiur izan zen sartu zen hondarra, 1969. urtean) 4 kuartel ezberdinetan antolatuak. Auzo aunitz daude ere, herri gehienek bakarren bat baitute. Gainera, baserri eta borda ugari aurkituko ditugu nonnahi hedaturik.

Azkeneko urte hauetan deforestazioa egon baldin bada ere, Baztango ingurua berdea da, hezea, eta bere mendi eta zelaiak zuhaitzez josiak daude. Honen adibide argia Bertizko Natur Parkea da, Bertizaranan barne dagoena. Irati oihana eta gero, Baztan harana da Nafarroako gune berdeenetariko bat.

Baztanek gainera arras industria guti du hortaz, honi, orai arte errandako guzia gehitzen badugu, ez da harritzekoa nekazal turismoak izan duen goitiera haundia. Igoera nabarmen hau azkeneko urteetan izan da batez ere, eta dudarik gabe, diru-sartze haundia izan da bailararendako.

Baztandarrok gure folklore eta ohiturak gogoz mantendu ditugu mende eta mendeetan zehar, baina bada, dudarik gabe bereziki maite dugun altxor bat: gure euskara edo eskuara, hemen erraten den moduan. Adituek diotenez, euskalki arras aberatsa da, ongi mantendua eta gaurko egunean baztandar gehiengoen ama hizkuntza.